Archives for martxoa 2026

Terahertziozko espektrometroarekin analisiak egiteko sistema berria 

GAIKERek bere gaitasun teknologikoak zabaldu ditu, terahertzio espektroskopian oinarritutako analisi sistema bat erabiliz. Horren bitartez, materialen bereizketa eta ezaugarritze aurreratua denbora errealean egiteko teknologiak ikertu eta garatu ahal izango dituzte.

Erabilera nagusiak:

  • Hondakin plastikoak aztertzea eta konposizioaren arabera bereiztea, haien zirkulartasuna lortzeko
  • Oinarri polimerikoa duten produktuak ikuskatzea eta euren kalitatea kontrolatzea, polimero eta konposite berrien formulazio- eta ekoizpen-prozesuak optimizatzeko

Arloak:

  • Ekoindustria: hondakin plastikoak konposizioaren arabera automatikoki bereiztea
  • Plastikoaren eta oinarri polimerikoa duten material konposatuen sektorea: formulazio- eta ekoizpen-prozesuetan, konposizioa eta ezaugarriak automatikoki monitorizatzea

Sistema horrek zure enpresari nola lagun diezaioke jakin nahi duzu? Jarri gurekin harremanetan

GAIKERek In-Cosmetics Global 2026an parte hartuko du

Apirilaren 14tik 16ra, In-Cosmetics Global edizio berria egingo da Parisen. Kosmetika-industriarako nazioarteko bilera garrantzitsuenetako bat da.

GAIKERek, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kideak, bilera horretan berriro parte hartuko du, dermokosmetikaren arloan dituen I+G+B zerbitzuak aurkezteko. Gainera, aurreko edizioetan bezala, Dr. Goya Análisis eta Anmar Clinical Services-ekin batera egongo da erakusketa-gunean.

Ekitaldia gorputzaren zaintzaren arloan ematen den berrikuntzaren funtsezko erakustokia bihurtu da, eta osagai berriak aurkitzeko, joera berriak ezagutzeko eta merkatuaren egungo eskaerekin bat datozen konponbideak garatzeko interesa duten mundu osoko profesionalak bilduko ditu, produktu kosmetikoen hurrengo belaunaldia sortzeko.

1A30 standean aurkituko gaituzu. Zure zain egongo gara!

>> Gehiago jakiteko

Karbonozko eta beirazko zuntz birziklatuak berriz erabiltzeko ikertzen ari gara

GAIKERek koordinatzen duen RESITES proiektuari esker, konposite birziklagarri berriak sortuko dira, produktu arin, gogor eta jasangarriak eraginkortasunez fabrikatzeko.

GAIKER Zentro Teknologikoak, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kideak, RESITES proiektua koordinatzen du (Beirazko eta karbonozko zuntz birziklatuak konposite birziklagarri berriak bihurtu). Ekimen estrategiko horren helburua hondakinetatik eta ekoizpen-lermetatik datozen karbono- eta beira-zuntz birziklatuak eraginkortasunez nola erabili ikertzea da. Haien propietateak hobetu nahi dituzte, konposite birziklagarri berriak sortzeko. Horretarako, euren ezaugarrien eta prozesagarritasunaren ereduak egingo dituzte, produktu arin, gogor eta jasangarriak modu eraginkorrean fabrikatzeko.

Urtero, ekoizpen-lermetatik zein bizitza erabilgarriaren amaierara iritsi diren elementuetatik datozen material konposatuen hondakin ugari pilatzen dira. Azken urteotan, aurrerapen garrantzitsuak egin dira material konposatuak birziklatzeko teknologien arloan, baina berreskuratutako zuntzak modu eraginkorrean berrerabiltzea erronka bat da oraindik ere. Testuinguru horretan, RESITES proiektuak ikuspegi berritzailea proposatzen du, eta gaitasun ugari izango dituzten konposite birziklagarrien belaunaldi berri bat ikertzen ari da, zuntz birziklatuetan eta erretxina birziklagarrietan oinarrituta.

Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, arlo estrategikoetan elkarrekin ikertzeko ELKARTEK 2025 laguntza programaren bidez. Errefortzu birziklatuen funtzionalizazio, sizing eta hibridazio teknologietarako konponbideak emango ditu, errebalorizatzeko, eta aurreinpregnatuak, konposite birziklagarriak eta fabrikazio aditiboko materialak formulatzeko. Gainera, materialen eta prozesuen ereduak egiteko konponbideak ere aztertuko ditu.

Ekimen horren ondorioz, laborategi-eskalan hainbat garapen esperimental egingo dira: berriro erabili ahal izango diren beira- eta karbono-zuntzak, organosheet termoplastikoak, SMC birziklagarri termoplastikoa eta termoegonkorra, eta 3D inprimaketako pelletak/harizpiak. Halaber, zuntz birziklatuz indartutako aurreinpregnatu birziklagarrien portaera eta prozesagarritasuna aurreikusteko ereduak ere garatuko dira.

GAIKER Zentro Teknologikoak, funtzio eta egitura aldetik prestazio hobeagoak dituzten material polimeriko jasangarriak garatzen aditua da, eta proiektua koordinatzeaz gain, hainbat lan eremutan ere parte hartzen du:

  1. Beirazko eta karbonozko zuntz birziklatuak berriro erabiltzeko prestatzea, material konposatu jasangarriak eta prozesatzeko teknika aurreratuak garatuz. Zuntz laburren tratamendu kimikoa eta dosifikazioa ikertzen du SMC, GMT eta ehundu gabeko ehunetan, eta ehun horiek optimizatzeko ere ikertzen ari da, norabide zehatzetan jarritako errefortzuen eta ijezketa hibridoaren bidez.
  2. (Berrirro prozesatu ahal diren) erretxina termoplastiko erreaktiboekin aurreinpregnatuak garatzea.
  3. Birziklatze-metodo mekanikoak eta kimikoak aztertzea, garatutako material berrien zirkulartasun osoa ziurtatzeko.

Proiektuan lortuko diren aurrerapenek eragin garrantzitsua izango dute mugikortasun (automobilgintza, trenbidea, aeronautika eta itsasokoa), energia, kirol eta eraikuntza arloetan, eta horiek guztiek garrantzi handia dute euskal industrian eta ekonomian. Gainera, arlo horietan konpositeen eraldaketarekin lotutako industriek funtsezko eginkizuna dute.

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua

Oinarrizko metalak berreskuratzeko eta balorizatzeko teknologia jasangarriak bultzatzen

SINCER proiektuan industria metalurgikoak sortzen dituen hainbat jatorritako hondakinetan dauden oinarrizko metalak eta funtsezko metalak nola berreskuratu ikertzen dute.

Joan den urtarrilean SINCER proiektua (Oinarrizko Lehengaien Zirkulartasunerako eta Ekonomiarako Industria Sinbiosia) hasi zen. Proiektuak CDTIren dirulaguntza eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren laguntza jasotzen ditu, Misiones programaren bidez. Proiektuak 5.963.143 €-ko aurrekontua du guztira, eta 3.543.450 €-ko finantzaketa jaso du.

Oinarrizko metalak eraldatzeko, berreskuratzeko eta birziklatzeko bide eta prozesu berriak ikertzeko beharretik sortu zen SINCER proiektua. Horretarako, gaur egun botatzen diren metalurgia industriako hondakinak erabiliko dira. Helburua industrian sinbiosi eraginkorra bultzatzea da, hondakin horietan dauden oinarrizko metalak (Mn, Si, Mg, Ni, Cr) eta funtsezko metalak (Zn, Fe) berreskuratzeko eta balorizatzeko teknologia jasangarriak ikertzeko.

Ikerketa horren buru Ferroglobe enpresa da, Silizio metal eta ferroaleazioen ekoizpenean liderra den nazioarteko konpainia. Partzuergoan beste 5 enpresak (Técnicas Reunidas, Sidenor, Autlán, Magnesitas Navarras eta Semantic) eta 9 ikerketa-erakundek hartzen dute parte. Horien artean aipatzekoa da GAIKER Zentro Teknologikoa, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea.

Proiektuak lau urteko iraupena izango du. Materialen zikloak itxi nahi ditu eta materialak jatorrizko prozesuetan nahiz aplikazio estrategiko berrietan (bateriak, imanak eta aleazioak, esaterako) berriz erabiltzea posible egin nahi du.

Helburu horiek lortzeko, SINCERek prozesu hidrometalurgikoak eta pirometalurgikoak eta egokitzeko eta bereizteko teknologia aurreratuak erabiliko ditu, baliagaiak ahalik eta gehien berreskuratzeko eta lehengai estrategikoen zirkulartasuna hobetzeko. Lau industria-kideren jardueratik datozen bederatzi hondakin-korronte balorizatu nahi dituzte: Ferroglobe, Sidenor, Autlan eta Magnesitas Navarras.

GAIKERek esperientzia handia du birziklapenean eta ekonomia zirkularrean, eta gaitasuna du kalitate goreneko materialak lortzeko birziklatze-prozesu espezifikoak diseinatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko. Gainera, jasangarritasuna ebaluatzeko metodologiak sakon ezagutzen ditu. Horregatik, ikerketa honetan, hondakinen ezaugarritzeaz eta tratamenduaz, metalen berreskurapenaz eta bizi-zikloaren analisiaz arduratuko da.

Azken batean, SINCERek oinarrizko lehengaien inguruko ekonomia zirkular sendoa sortzen lagunduko du, kanpo-mendekotasuna murriztu eta industriarentzat balio handiko ezagutza zientifiko eta teknologikoa sortuko ditu.

CDTIren diru-laguntzarekin. Esp. 00179404 / MIG-20251225

Plastiko konplexuen hondakinak kimikoki birziklatzeko teknologia aurreratuen ikerketan parte hartzen dugu

CHEMCYCLE proiektuak birziklapen kimiko teknologia aurreratuak ikertzen eta garatzen ditu, urtean plastiko konplexuen 285.000 tona hondakin balorizatu ahal izateko.

GAIKER Zentro Teknologikoak (Basque Research & Technology Alliance – BRTAko kide) CHEMCYCLE proiektuan parte hartzen du. Proiektu horren helburu nagusia birziklapen kimiko teknologiak (pirolisia, solbolisia) ikertzea da. Horrela, Euskadin birziklatzeko zailak diren eta biltegi kontrolatuetara eramaten diren 285.000 tona hondakin plastiko balorizatu nahi dute. Hondakin horiek erabiltzen ez diren ibilgailuen (VFU) zatiak, tresna elektriko eta elektronikoak (GEEH), ehunak, papergintza sektoreko errefusak eta hiri- eta industria-hondakinen plastikozko frakzioak dira, eta euskal industriarentzat balio handiko lehengai bihurtu ahal izango dira.

Proiektua 2025ean hasi zen, enpresa-arloko I+G babesteko HAZITEK programa barruan, eta proiektua bultzatu zuten arrazoiek hauek izan ziren: Europan hondakinen isurketa murrizteko dauden gero eta arau gehiago; plastiko korronte konplexu batzuen birziklatze-tasa baxua; eta ekonomia zirkular erreal baterantz aurrera egiteko beharra, industriako hainbat sektoretan lehengai fosilekiko mendekotasuna murrizteko. Industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektu estrategikoa da, eta hamar enpresak hartzen dute parte, horien artean: Tradebe (proiektuaren liderra), VFUak birziklatzeko Amorebietako FRAGNOR instalazioetan; Zientzia eta Teknologia Euskal Sareko bi ikerketa zentro eta ACLIMA ingurumen-klusterra.

CHEMCYCLE proiektuan birziklapen kimiko teknologia aurreratuak ikertu eta garatuko dituzte, hondakin plastiko konplexuak balorizatzeko. Hondakin horiek, gehienbat, zabortegira doaz edo balorizazio energetikorako erabiltzen dituzte. Horretarako, aurretratamendu hobetuak eta automatizatuak aztertuko dituzte, bai eta pirolisi eta solbolisi bidezko birziklatze kimiko prozesuak garatuko eta hobetuko dira ere, lehengai gisa berrerabil daitezkeen olioak, solidoak eta monomeroak lortzeko. Era berean, lortutako produktu kimikoetarako upgrading eta arazketa teknologien ezagutza berria sortuko da, eta parametro fisiko-kimikoak merkatuko zehaztapenetara egokituko dira. Azkenik, garatutako prozesuen bideragarritasun ekonomikoa eta ingurumeneko bideragarritasuna ebaluatuko dira.

GAIKERen lana
GAIKER Zentro Teknologikoak birziklapen kimikoan esperientzia handia du, eta hondakin plastiko konplexuei aplikatutako pirolisi prozesuak eta PET eta poliuretanoaren solbolisi katalitikoa ikertu eta baliozkotuko ditu laborategian (TRL 3-4). Halaber, prozesuen errendimenduak optimizatuko ditu eta lortutako produktuen kalitatea hobetuko du, haien balorizazioa maximizatzeko eta merkatuko zehaztapenetara ahalik eta gehien egokitzeko.

Proiektuko kideak
CHEMCYCLE proiektuan (ZE-2025/00033) 10 enpresa, Zientzia eta Teknologia Euskal Sareko 2 ikerketa zentro eta ACLIMA ingurumen klusterra biltzen dira. Guztiek elkarrekin egiten dute lan, ikuspegi integrala bermatzeko, hondakinak biltzen direnetik eta horiek merkatuan berriro sartzen diren arte:
• Parte hartzen duten enpresak: Tradebe Amorebieta (koordinatzailea), Zorroza Gestión, Koopera, Tamoin, Global Factor, Lucart, Eiforsa, Vimansa, Nypsa eta Asfaltia.
• Zentro teknologikoak: GAIKER eta Tecnalia.
• Klusterra: ACLIMA.
Aliantza estrategiko honek hondakinen kudeatzaileak, ingeniaritzak, fabrikatzaileak eta ikerketa zentroak biltzen ditu, eta eredu jasangarria eta zirkularra sustatzen du birziklatze industrian.

Enpresa arloko I+G babesteko laguntza-programa – HAZITEK Jarduera honek Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak eta Europar Batasunak batera finantzatzen dute, 2021-2027 Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) bidez.